sábado, 31 de diciembre de 2011

ZORIONAK ETA URTE BARRI ON!!!

Urte barri barri txarri belarri; dakonak eztakonari; nik ez dakot eta niri; aginaldo, etxa kastaña, etxa intxorra; lau kastaña lau intxorra...Mari kastaña!

Señorita una! Señorita dos! Bota aginaldo por amor de Dios!
Etxa bonba! Etxa bonba! Dale, dale, dale... hasta ke se rompa!!!


URTE BARRI ON PIPOL!!!

viernes, 30 de diciembre de 2011

2011 publizitatez blai!

Urteak joan, urteak etorri. Baina publizitateak gurekin dirau. 2011 bukatzera goaz, hori dela eta urte honetako telebista iragarki atseginenak proposatzen dizkizuet, behintzat nire 3 gustokoenak.

Ea ze iruditzen… On egin!!!


Mc Donalds Vs Burger King


Bizi garen mundu lehiakor honetan, publizitateak ere ez dio ihes egiten egoera honi. Suposatzen dut, denontzat ezagunak direla marka batzuen arteko lehia gogorrak, bortitzak zenbait kasutan. Sarritan lehia horretan murgilduta, marka askok konpetentziaren aurka jotzen dutelarik zuzenean.

Badira hainbat adibide, besteak beste autoen markak burutu izan dituzten zenbait publizitate kanpaina, Audi eta BMW datorzkit burura. Baina ezin ahaztu ere, dagoeneko klasikoak bilakatu diren Coca Cola eta Pepsiren iragarki aski ezagunak.

Honako hau, Mc Donalds-ek Alemanian soilik emititutako iragarkia dugu. Non iragarleak ez duen testu ezta hitzik erabiltzen Burger King-en irudia gutxietzi edo kaltetzeko. Irudiekin nahikoa da. Bideo atsegina eta barregarria den arren, bere arriskua badauka. Eta ziurrenik, laster Burger King-en erantzuna ikusteko parada ere izango dugu.

Egia esan, espainiar estatuan ez gaude ohituak era honetako iragarkiak ikustera, baina publizitate mota hau iragarlearentzat eraginkorra al da?


miércoles, 28 de diciembre de 2011

Nikon, sexu jolasetan?

2008. urtean Nikon enpresak Nikon S60 kamara berria merkaturatu zuen. Modelo honek abantaila teknologiko ugari ekarri zituen berarekin, baina bere ezaugarria nagusia zera zen: irudi bakar batean 12 aurpegi ezberdin detektatzeko gai zela. Hori dela eta, publizitate edo iragarpen kanpaina aipatutako abantailan oinarritu zuten.


Ikus dezakegun irudia, beste 2 iragarkiz osatutako kanpainaren parte da. Esan beharra dago ere iragarki hau ez zutela espazio publikoan iragarri, ondorioz, iritzi publikoan ez zuen inongo iskanbilarik sortu. Izatez, audientziak oro har nahiko umore onez jaso zuen iragarkia, ez zuten sentzuratu. Esan bezala, publizitate kanpaina sinpatiko eta atsegin bezala onartu zuen audientziak.

Baina, beharrezkoa da, emakume bi horiek (adingabeko itxurarekin) horrelako egoera sentsualean agertzea? Balizkoa al da? Emakumea sexu-jolasekin erlazionatzea egokia ez izateaz gain, arriskutsua ere izan daiteke. Estereotipo hauetatik ihes egin beharra dago, are gehiago, irudian agertzen diren emakumeak adingabeak diruditenean. Denak ez du balio publizitatean.

Euskal armiarma trebeak sarean



Aurreko astean euskarak Interneten duen presentzia eta garrantziaz jarduteko Multimedia Komunikazio EHU-EITB Masterrak mahainguru oso interesgarria antolatu zuen. Euskarazko webguneen sorreran eta sustapenean aitzindariak diren adituak aritu ziren hizlari gisa. Euskarazko komunitate birtualez mintzatzeko 6 gonbidatu izan ziren, bata bestea zein baino trebeagoa: Luistxo Fernandez (Sustatu), Lander Arbelaitz (Argia), Hasier Etxeberria (ZuZeu), Idurre Eskisabel (Berria), Maite Goñi (Euskal Jakintza), eta Lontzo Sainz (Eitb).

Euskararen komunitate birtualaren inguruko mahai-ingurua oso aberasgarria suertatu zen bertara gerturatu ginen ikasle eta zenbait irakaslerentzat. Eztabaidan zehar iritzi ezberdinak entzuteko aukera izan genuen arren, orokorrean hizlarien artean joera edo korronte bat gailentzen zela nabari zitekeen. Alegia, Interneten, kalean zein beste toki askotan bezala, euskaraz jardun behar dugula gure nortasun digitala osatzen goazen heinean. Eta bestetik, diru laguntza publikoen beharra aldarrikatu zuten ahobetez aditu guztiek. Diru publikorik egon ezean, euskal komunitate birtualik ez dela existituko salatuz.

Euskaldunok interneten gauden heinean euskal komunitateak existitzen direla adierazi arren, Luistxo Fernandez-ek euskarak sarean merkatu komertzialik ez duela ere ziurtatu zuen. Bestalde Maite Goñik euskarazko komunitate birtualak euskaldunok hornitzeko gonbidapena luzatu zuen, erabiltzaile bakoitzak bere ekarpen txikiekin gauza handiak egin daitezkeela adieraziz. Euskaraz jarduten duen nabigatzaile bakoitzak ehuntzen du sarea, alegia, erabiltzaileongan dago ardura.

Argiako kazetariak ere, Lander Arbelaitzek, datu interesgarriak plazaratu zituen mahai-inguruan. Internet eta sare sozialei esker, euskarak gaur egun duen hizkuntza zaharkituaren zama kentzeko aukera ezin hobea duela. Izatez, harrigarria den arren, Wikipediako 6.000 hizkuntzen artean, euskara 43.postuan aurkitzen da. Hala ere, emaitza horiek eta edukiak hobetzeko asmoz, produktu erakargarriak eta kalitatezkoak ezinbestekoak dira. Arbelaitzen iritziz, militantzia alde batera utzi eta kalitatearen aldeko apustua egin beharko genuke.

Hizkuntza gutxituen kasuan, euskara eredu gisa hartuz, militantzia alde batera utzi behar ez dela uste dut. Mugak eta oztopoak etengabe jartzen dizkigutenean, militantzia beharrezkoa da, ezinbestekoa. Kalitatea eta militantzia eskuz-esku joan daitezkeelakoan nago. Sarean euskal komunitatea ehuntzeko gogoa eta borondatea badago, baina hizkuntza politika eraginkor baten beharra ere badugu.

Eta azkenik, laburbilduz, Lander Arbelaitzen adierazpen txukun honekin bukatu nahiko nuke:

Aritu, erabili eta soinua atera euskaraz!

viernes, 16 de diciembre de 2011

NEGUA

Irratirako egindako soinu-lana...

Negua, sasoi gogor eta gordina. Latza. Luze eta iluna. Hotza. Neguan, pauso hotsak, oihu latzak euri artean. Arnas gabe, babes eske. Elurra mara-mara, paisaia guztia txuriz jantziz. Haizea bortizki, barruak astinduz. Negua, bakardadea. Etxeko berotasuna ta goxotasuna, neguaren adiskide ta osagarri bikaina. Negua, udaberriaren lehioa…

domingo, 20 de noviembre de 2011

Transmedia: Panzer Chocolate

Transmedia kontzeptua ez da berria, baina gaur egun, teknologia berriak eta web 2.0 esker, gero eta nabarmenagoa da beronen eragina. Transmedia, hau da, eduki berbera euskarri eta medio ezberdinen bitartez (mugikorrak, webguneak, jokoak, zinea…) hedatzea, beti ere, euskarri edo medio bakoitzari dagozkion teknika eta mintzairak errespetatuz.

Panzer Chocolate, espainiar estatuan lehenbiziz egin den transmedia luzemetraia dugu. Audientzia entretenitzeko formatu berriak bereiz daitezke proiektuaren baitan, erabiltzaileek, kontatzen den istorioan partehartze zuzena izan dezaten.

Izan ere,gaur egun, eduki baten inguruan remix eta nahasketa etengabeak egitea inoiz baino errazagoa da, baita ere berau sarean hedatu eta zabaltzea. Iraultza digital honen ondorioz, hartzailea, parte hartzaile, sortzaile eta zabaltzaile ere bihurtu da.

Transmedia kanpaina zuzen batek, ikusle zein kontsumitzaileak marka edota proiektu batekin identikatzea errazten du. Ondorioz, erabiltzaile partehartzaile hauek markaren preskiptore bikainak bihurtzen dira.

Nazien sekreturik ezkutuena… argitzear dago!

viernes, 18 de noviembre de 2011

QR Kodeak: marketin tresna berria



Telefono mugikorrak jasaten ari diren etengabeko hobekuntza eta aurrerapen teknologiokoei esker, marka zein kontsumitzaileek datuak jaso edo bereganatzeko gero eta sistema gehiago dituzte. Besteak beste, azkenaldi honetan ezagunak egin diren QR (Quick Response) kodeak.
QR kodeek hiru karratu dituzte izkinetan, irakurleari kodearen posizioa antzematea ahalbidetzeko.Teknologia horren arrakastaren arrazoia bere estandar irekia eta sakeleko telefonoei lotutako erabilera dira; sakeleko telefonoek irakurgailu gisa funtziona dezaketelako. Askotariko informazioa bildu dezakete: testu sinpletik hasita, bisita-txartel elektroniko eta web-orrietarako loturetaraino.

Kode bidimentsional hauek, merkadoteknia eta marketinerako tresna oso garrantzitsuak bihurtu dira. Izan ere, QR kode hauek sortzea oso erraza izateaz gain, aparailu mugikorrekin behin irakurrita, informazio kopuru oso interesgarria jasotzeko aukera ematen baitu.

Gaur egun berauen erabilera ez da produktu edo gune zehatzetara mugatzen. Zenbaiten talentu eta berrikuntzei esker, kontsumitzaileok imaginatzerik ez dugun hainbat euskarritan aurki ditzazkegu QR kode berri hauek. Izatez, kontsumitzaileek beren Smartphonei esker kode horiek irakurtzeko duten erraztasunari dela-ta, hainbat eta hainbat enpresa QR kodeak erabiltzen hasi dira. Mobio-ren datuen arabera, azken urtean %1200 gorakada izan dute.

Zeri erantzuten dio arrakasta honek? QR kodeak sortu eta aplikazioa oso sinplea delako, eta ia-ia doanekoa. Horrez gain, berauen bitartez publizitate eta marketin kanpainak kudeatzea oso erraza da.

Beraz, kaletik ibiltzerakoan adi ibili eta zergatik ez… parte hartu!



miércoles, 16 de noviembre de 2011

Spotify jadanik Windows Phone 7-n


Dagoeneko kalean da Spotify aplikazioa Windows Phone erabiltzaileentzat. Mugikorrentzako egokitutako sistema eragile askok bezala, iOS, Android. Symbian eta Palm, duela egun batzuk Microsoft-ek bere blog ofizialean adierazi duenez, Windows Phonek ere Spotify erabil ahal izateko aplikazio berri bat abian jarri du. Spotify, streaming bidez musika erreproduzitzen duen plataforma, musika edonon eta uneoro entzuteko tresnarik ezagun eta egokiena dugu. Izatez, musika edo abestiak entzun ahal izateko, ez da beharrezkoa artxiboak deskargatzea.

Windows Phone-ra egokitutako aplikazio honek, ordainpean izaten dituen aukera berberak izango ditu, besteak beste, Internet konexiorik gabe musika zerrenden eskuragarritasuna, abesti zerrendak osatu ahal izatea edota, online dauden lagunen musika erreproduzitzeko aukera. Horrez gain, Wi-Fi edo 2.5/3G erabiliz, abestiak erreproduzitzea posible izango da, eta ordenagailu eta mugikorraren arteko sinkronizazioari esker, musika edono entzun izan ahalko dute erabiltzaileek.

Spotify aplikazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, interesatutako erabiltzaileek ordaindu beharreko Premium kontu bat sortu beharko dute. Nahi izanez gero, aukera ezin hobea dugu, goazen lekura goazela, musika gurekin eramateko.


martes, 8 de noviembre de 2011

Zer da web 2.0?


Orain dela gutxira arte Interneteko mundu
ak gizarte hierarkizatu eta merkantilista baten antolakuntza eredua islatu du. Web 1.0 eskemak bi norbanako mota biltzen zituen:
  • Ekoizleak (jauntxoak), Interneterako web orriak, produktuak, aplikazioak eta lizentziak eta abar sortu eta kudeatzen zituztenak;
  • Kontsumitzaileak (herri xehea), web orrietan gonbidatu gisa sartu, produktuak erosi eta txertatutako aplikazioak jauntxoen baimenei esker erabiltzen zituztenak.
Sistema honen antolakuntza, jakina, beti ekoizleei begira zegoen eginda eta garrantzia ez zegoen erabiltzailearengan jarrita.

Halere, XXI. mendeko gizasemeak ez du begi
onez onartu film arrakastatsu baten bigarren mailako rola eta protagonismoa eskuratu nahi izan du merkatu honetan. Matxinatu egin da. Sareko iraultza honen ondorioz web 2.0 jaio da.

Web 2.0 ez da teknologia
bat, askok pentsa lezaketenaren kontra (edo ez soilik, behintzat). Web 2.0 jarrera bat da, ideologiaren eta sarearen beraren berkonfigurazio bat eta amaierako erabiltzailearengan jartzen du arreta. Sarearen garapena adierazten duela ukatu ezinik, batez ere Interneteko erabiltzaile bakoitzaren garunean aldaketa bat suposatzen duela baiezta genezake, bai errekurtsoen eskuragarritasunari begira, zein erabiltzaileen arteko elkarreneraginari edo sare sozialen eraikuntzari dagokionez. Eredu horizontala gailentzen da orain bertikalaren ordez.


Web 1.0 ingurumari estatikoan ez zegoen lekurik erabiltzaileen partehartzerako. Eta berrikuntzak, bai mundu birtualean zein fisikoan garatzaile independenteek egindako ekarpen ugarietatik datoz. Elementu hauen dinamikotasunak akabatu egin du web 1.0 eta eraldaketa sorrarazi du.

Iraultza honi esker, gaur egun pertsona talde batek sortutako edukiak argitaratzen dira, baliabideak partekatuz, eta batez ere erabiltzaile guztien esku doako aplikazio ugari jarri dira: nork bere informazioa argitaratzeko espazio birtuala, bilaketa-motorrak partekatzea, artxiboen elkartrukea web orrien bitartez eta abar.
Laburbiltzeko, web 2.0 kontzeptuak bestelako begirada bat eskatzen digu, Interneteko sorreran ezarritako oinarri eta topikoetatik haratago. Argi ez badaukazu oraindik, irakurle, ikus ezazu mesedez ondorengo bideoa.

sábado, 29 de octubre de 2011

Marketin zuzendariek aro digitalerako ez daudela prestatuta onartzen dute

IBM-ek 64 herrialdetako 1.700 marketin zuzendariei egindako elkarrizketa eta ikerketa bati esker, “Del reto al éxito: la transformación del marketing en la era digital”, zenbait ondorio atera daitezke, besteak beste, hauetariko %68ak “beldurra” dietela sare-sozialei.

Enpresa gehientsuenetan, bezeroarekiko harremanetan aldaketa izugarriak ematen ari direla onartzen dute marketin ardunadunek, eta aldaketa hauetara egokitzeko gai izango diren ala ez zalantzan agertzen dira batzuek.

“Hasiera batean, bezero eta gure artean muga bat zegoen, baina gaur egun, bezeroa gure etxera sartu da, eta honetaz ohartzen ez dena, merkatuz kanpo gera liteke” adierazi zuen Juan Antonio Zubiriak, Espainia, Portugal , Grecia eta Israeleko IBM-ko presidente exekutiboak.

Aro berriko testuinguru digital honek, edozeinek webgune batean bere iritzia eman edo bideo bat jartzea ahalbidetzen du. Kontsumitzailearen rola aldatzen doa, beronen eragin edo influentzia nabarmenagoa da. Ondorioz, marketin profesionariek beraien abileziak egokitu eta taktika berriak erabiltzerra derrigortuta daude. Baina, ikerketaren arabera, marketin zuzendarien %50 baino gehiagok aldaketa hauek kudeatzeko ez daudela prestatuta onartzen dute.

Honeri lotuta, kaleratutako txostenak dio, 3-5 urteko epean sare-sozialen erabilera eta ezagutza sakontzeko asmoa erakutsi dutela marketin zuzendariek. Baina egungo egoera penagarria da, izan ere, hauetariko %26 soilik jarraitzen ditu blogetan argitaratutako edukiak eta oso jaramon gutxi egiten diete kontsumitzaileen iritziei.

ROI-aren garrantzia:

Orain arte, normalean enpresa handiek ez zieten bere marketin arduradunei burututako inbertsioen kontu gehiegi exijitzen. Baina, egungo krisi egoera dela eta, mundu mailan bizi dugun egoera ekonomikoa kontutan izanik, joera hori aldatu egin da. Marketineko exekutiboen bi herenek ziurtatzen dute 2015-rako beraien departamentuetako efikazia ROI-aren arabera neurtua izando dela. Alegia egindako inbertsioetatik lortutako errendimendu edo etekina. Hala ere, testuinguru berri honetan profesionari gehiengo hauek, datu horiek azaltzeko gai ez direla onartzen dute.


viernes, 28 de octubre de 2011

Anboto.org informazioa esku-eskura eta eguneratua


Orohar, iruzkin kritiko bat egin aurretik, komunikabide talde honen testuinguruan jartzea komeni da, hau da, beronen xede-taldea, aurrekontua … kontutan hartu beharko genituzke. Hori dela eta, webgune nahiko itxurosoa dela esatera ausartzen naiz, diseinu, eduki eta eskainitako zerbitzuen aldetik. Hala ere, dena hobetu daiteke, pertsonalki diseinuari dagokionez, eraberritu eta itxura modernoagoa ematen saiatuko nintzateke, albisteak, idatzizko edizio baten jarraipena izan ez ezik, berauen multimedia arloa landuko nuke.

Herri edo eskualde bati zuzendutako webgune bat denez, gainontzekoa ontzat hartuko nuke. Kontutan izan behar baitira hedabide talde hauen aurrekontu eta giza-baliabide murritzak. Egia da, interaktibotasunerako aukera gutxi ematen duela Anboto.org-ek, arlo hau hobetzekotan ondorengo zerbitzuak gehituko nizkioke: web 2.0 erremintak edukiak konpartitzeko, besteak beste, albisteak komentatzeko aukera, hauek bozkatu eta partekatzeko eskubidea eta irakurleek beraien albisteak, audio, bideoak… bidaltzea posible izatea. Izan ere, gaur egun, irakurle eta hedabidearen arteko interaktibotasuna bultzatzea ezinbestekoa suertatzen da. Berau dugu, erabiltzailearen zaletasun, kezka, zalantzak… ulertu eta beraien berri izateko aukerarik egokiena. Beraz, bereziki, interaktibotasun arloa jorratuko nuke Anboto.org hobetzekotan.

Hala ere, bukatzeko, ziurta dezakegu, Durangaldeko herritarrek beren eskualdearen berri izateko, ziber-hedabide oso egokia eta profesionala dutela Anboto.org-ren kasuan.

lunes, 24 de octubre de 2011

Linking Day jaio da, hileroko kreatibitate eta diseinu topaketak

Aketz Zubia

Gaur, urriak 24, Linking Day-en lehendabiziko edizioa ospatu da Madrilen, non arlo ezberdinetako profesionariek beraien esperientziak eta sormen lanak azaldu dituzte. Gaurko jardunaldi honetan Trimono-k parte hartu du, MTV, Paramount, Digital +, Sony-rentzat lan egin duen animazio estudioak.

Sormen mundua eta diseinuaz tratatzen duen ekitaldi honek, hilabetero ospatzeko asmoa erakutsi du, Madrilen hilabete bakoitzeko azken aurreko astelehenetan hain zuzen ere. Doako sarrera izango da, beti ere, aurretik webgunean inskripzioa eginez gero.

Linking Day ekitaldi berri hau, Linking Heads-ek antolatuta dago. Publizista, artista, diseinatzaile, musikari eta gidoilari ezberdinez osatutako profesionari taldea dugu Linking Heads, komunikazio eta aisialdiarekin erlazionaturiko proiektuen arteko lankidetza sustatzeko asmoz sortua.

martes, 11 de octubre de 2011

Urrutiak bazkide konpromisarioen batzarrean babes zabala jaso du


Bart amaitutako Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarrean, Josu Urrutia klubeko presidenteak aurkeztutako aurrekontuei dagokionez, botoen %73ko babesa jaso zuen.

Zuzendaritza berriaren arabera, iazko sasoiko kontuek hamar milioi euroko zorra izan zuten. Aldiz, Fernando Garcia Makua aurreko presidenteak esan zuen irabaziak izan zituztela. 487 bazkide konpromisariok Urrutiak-eta aurkeztutako zenbakien aldeko botoa eman zuten, 222k kontrakoa, 26 boto txurizkoak eta 11 baliogabeak.

Ekitaldi amaieran, Athletic-eko presidente berriak, emandako hitzaldia Bizkaiko futbol harrobia eta Bielsaren aldeko apostua eginez bukatu zuen.

lunes, 10 de octubre de 2011

Tafalla, igandean, euskaltzaleen topagune

Aketz Zubia

Tafallarrek dagoeneko dena prest dute iganderako, espero diren milaka pertsonei ongi etorria emateko. Izan ere,
Nafarroa Oinez ospatuko da asteburu honetan. Edizio berri honetarako 5,6 kilometroko ibilbidea antolatu dute, non 5 gune bereizi dituzte. Tafallara autoz hurbiltzeko aukera izango den arren, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute.
Aipatzekoa da ere, San Fermin ikastolak hartuko duela lekukoa Tafallako ikastolarengandik, eta datorren urtean Iruñean izango da Nafarroa Oinez.



lunes, 3 de octubre de 2011

Ongi etorrijek nire blogera!!!

Apa! Aketz Zubia nai, gazte bermiotarra, Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatue. Gaur bertan hasi dot Multimedia Komunikazioa masterra. Espero dot gauze asko ikastie ta etorkizun baterako ezagutza interesgarrijek lortzie. Niri buruz ezer gehijau jakin nahi badozue, hemen nakozue. Laster arte, ondo ibili!