sábado, 28 de enero de 2012

Aupa Pipol transmedia saioa

EHUko Multimedia Komunikazio masterreko ikasleoi, transmedia proiektu bat diseinatzea eskatu ziguten orain dela bi hilabete. Hirunako hainbat taldek lan egin dute kontzeptu horren inguruan, eta bakoitzak emaitza ezberdinak lortu ditu. Guri, mikro-fikzio bat proposatzea egokitu zitzaigun: Aupa Pipol. Proiektu guztiak EITBren Bilboko egoitzan aurkeztuko dira urtarrilaren 31an, guk kapitulu pilotu bat sortzea erabaki genuen .

Frantziar estatuan asko garatzen ari dira horrelako mikro-saioak, bai telebistan eta bai interneten. Pertsonaia gazte bat, 20 eta 35 urte-tartekoa, bere eguneroko berri ematen duena 2-3 minutuko saioetan. Plano erritmotsuak, musika indartsu bat eta aurrera. Interneteko oso egokiak dira formatu hauek eta ekoizten aski merkeak. Hainbat adibide arrakastatsu aipa daitezke, hauen artean: Bref CANAL + katean, eta Norman interneten.



Antzeko formatu laburrak gogoan edukiz, horrelako mikro-fikzio bat egitea erabaki genuen. Pertsonaia nagusia Gorka deitu genuen: 26 bat urteko bilbotarra, gaur egungo gizarte post-modernoan apur bat galduta dabilena. Gorkak bere eguneroko gogoeta zein anekdota intimoak kontatzen ditu Tumblr batean. Bideoan agertzen diren irudi eta off-ahotsek ordea bere barnekotasuna irudikatzen dute.

Transmedia izanez gero, hainbat euskarritan biziko den unibertsoa sortu nahi izan dugu, eta gure asmoak Aupa Pipol beste euskarritan garatzea aurreikusten du: irratia, sare sozialak, paperezko egunkaria...

Dena den, gure pertsonaia aurkezteko bideo bat egin dugu! Eta Facebook eta Twitterren ere jarrai ditzakezu Gorka eta Aupa Pipol!



BIDEOA IKUSI ETA ZABALDU SARE SOZIALETAN!


martes, 10 de enero de 2012

Non da Maddi???

Neguko solztizio eguna dugu gaurkoa. Zugarramurdiko jaiak dira eta Maddi etxean dago festara joateko prestatzen. Lagunek, bere bila joango direla esan diote eta itxaroten dagoen bitarte horretan zeozer aurkitzen du etxeko ganbara ilunean....

Entzun ezazue multimedia masterreko irrati ediziorako egin dugun istorio honen soinu paisaia.

Zer gertatu zaio Maddiri?

Zuon laguntza behar dugu istorioaren amaiera kontatzeko...mesedez, parte hartu eta utzi zuen erantzuna post honen iruzkinen atalean.

ESKERRIK ASKO!




domingo, 8 de enero de 2012

3, 2, 1... sortu!!!


Sarritan gure irudimena aske utzi eta zerbait sortzeko asmoz jaikitzen gara ohetik. Beste batzuetan ordea, ez dugu aukerarik, agintzen digutena bete beharra, besterik ez. Baina, burmuinak martxan jarri eta irudimenarekin jolastea osasungarria izateaz gain, beharrezkoa dela ere esan daiteke.

Ideia, proiektu…bat garatzen hasi aurretik, sormen prozesu honetan zenbait erabaki hartu beharko ditugu. Adibidez, ikus-entzunezkoen alorrean, erreportaje bat ekoiztu nahi izanez gero, zenbait aspektu kontutan hartu behar dira. Lehenik eta behin, zer komunikatu nahi dugun zehaztea komeni da. Gai bat aukeratu eta beronen nondik norakoak argi zehaztu. Izan ere, jorratutako gaiaren arabera, xede-taldea ere ezberdina izango delako, gure ekoizpena aukeratutako publikoaren interesen araberakoa izan behar delako. Ondo legoke argitzea ere, xede talde bakoitzak hizkuntza maila edo hizkuntzaren erabilera ezberdinak egiten dituela.

Onuragarria izango litzateke ere, aukeratutako gaiaren inguruguko dokumentazio lan sakona egitea. Jasotako informazio guztia sailkatu, aztertu eta guzti hori erreportajean nola ilustratu erabaki ahal izateko. Normalean, ekoizpen bat burutu aurretik egindako dokumentazio lana ezinbestekoa suertatzen da erreportaje interesgarri bat egiterakoan.

Ondoren, gaia eta publikoa behin zehaztuta, gure erreportajearen generoa aukeratzeko momentua iritsi da. Genero bat edo beste aukeratzeak, egitura zehatz baten aldeko apustua egitea suposatzen du. Hau da, argi izan behar dugu gure erreportajea elkarrizketetan oinarrituko den ala ez, edo fikziozko istorio baten izango den ala ez, etab.

Aipatutako pausuak definituta, eta generoa aukeratuta, gaiaren inguruko zirriborro antzerako bat egitea gomendatzen da. Kontatuko den istorioaren story board bat. Zirriborro honek erreportajean agertuko diren elementuak, ideiak, protagonistak, osagaiak… zehazteko balio izango digu. Alegia, erreportajearen aurreikuspen bat egiteko eta ekoizpen lana errazteko. Irudi motak, proiektuaren estetika, iraupena, hizkuntza maila, off ahotsak… erabaki behar dira zirriborroan.

Aurreko elementu guztiak kontutan izanik, erreportajearen diseinuaz arduratuko gara. Gaur egun, multimedia erreportaje bat sortzea da aukerarik interesgarriena, hau da, euskarri ezberdinetako edukiak proiektu berean uztartzea (audioa, irudiak, bideoa, argazkiak, testuak…). Baina erreportajearen testua euskarri ezberdin horietara egokitu beharra dago, euskarri bakoitzak bere berezitasunak baititu. Beraz, diseinu aldetik, malgua, erraz egokitzekoa eta erakargarria izan behar du gure erreportajeak.

Eta azkenik, bukatzeko, aipatutako urrats guztiak zehaztuta, gure ideia edo erreportajeari ekingo digou. Esan bezala, ...3, 2, 1… sortu!!!

sábado, 7 de enero de 2012

Euskara ere multimedia plazan

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza aztertuz gero, denetariko generoak aurki ditzakegu. Hedabide bakoitzak bere ekarpena egiten dio euskarari. Esparru ezberdinetan jokatuz, eremu bakoitzak eskatzen duen hizkuntza-ereduan.
Ikusmira zabalean, estaltzen duten esparru geografikoaren arabera, nolabaiteko segmentazioa nabari da euren artean, sorburu duten edota estali nahi duten esparru geografikoaren arabera. Esaterako, Berria Euskal Herri osorako egunkaria da, Hitza eta Noaua berriz, tokikoak dira. Ondorioz, bata bestearen lehiakide ez diren heinean, osagarri bihurtzen dira eta oso interesgarriak irakurlearen begietan.

Gizarte orotan bezala, gurean ere, bakoitzak bere zaletasun zein jakin-minak ditu. Horri erantzunez, beharrezkoak dira gai eta arlo ezberdinak jorratzen dituzten hedabideak. Hau da, zientziarekin zerikusia duten gaietan adituak, gazteei zuzendutako informazioa eskaintzen dutenak (Elhuyar, Gaztezulo eta abar)

Baina hedabide konbentzionalez gain, sarean badira ere lankidetza ereduetan oinarritzen direnak (Gaur8, Zuzeu, Kazeta.info). Alegia, barruko eta kanpoko egileek sortzen dituzte edukiak; antolaketa horizontala batez esan daiteke.

Hala ere, informazio mota, beronen egituraketa, antolaketa…kontuan hartu behar diren arren, xede taldea ere oso garrantzitsua da. Eta horretarako, xede-talde horren hizkera, euskalkiak, erabiltzea erreminta oso aberasgarria da irakurlearentzat, horrela jarduten dute, besteak beste, Goienak, Bizkaiek

Tokikotik eremu nazionaleko hedabideetara pasata, EITBk EH hartzen du xede-taldetzat, informazio orokorra eskainiz. Web gune homologatua eskaintzen du, hedabide nazional bat bezala. Bertokoek ez ezik, nazioartean Euskal Herriaren berri izateko erreminta oso interesgarritzat jo dezaketena.

Tokiko TVk eta Arrosak, ordea, osagarriak dira, bertan tokiko telebistak eta irratiak biltzen baitira. Osagarriak dira. Azken bi horiek elkar elikatzen dute, EITBk estaltzen ez dituen esparruei arreta eskainita.

Oro har, euskaraz aritzen diren hedabideen jarduna positibotzat eman dezakegu. Gizartearen esparru eta geruza ezberdinak kontuan hartzen dituzte, dena hobetu daitekeen arren. Hau da, teknologia berria hauen garaiotan, eguneraturik izan behar dute hedabideek, erabiltzaileen beharrera egokituz. Ildo horretan lan asko dago egiteke oraindik, baina orain arte emandako pausoak oso interesgarriak dira. Euskaraz kontsumitzen den heinean, erraztasunak eman behar zaizkio informazioaren erabiltzaileari.

Horrela bada, etorkizunari begira, euskal hedabideen mapa idealak informazio orokor zein espezializatua eta entretenimendua eskaini beharko lituzke. Elkarkidetza eta elkarlana funtsezkoak dira horretarako, beti ere eduki interesgarri eta kalitatezkoen ekoizpena bultzatuz. Esan bezala, ahalik eta kolore gehien behar ditu euskarak, bai edukien aldetik, bai ideologiaren aldetik, baita euskara-moldearen aldetik ere. Alabaina, tentuz eman behar dira urrats guztiak, helburuak eta baliabideak ongi doituz, eta ahaleginak ondo neurtuz. Erabiltzaile potentzialen taldea ez da handiegia, eta euskara ere ezin dugu ito igeri ezin duen ur handietan.


Euskararen kolore aniztasuna eta Sare Sozialak


Euskal Herrian elebidun kopurua gora doa, datu guztien arabera eta euskara gaztelera baino gehiago erabiltzen dutenen kopurua ere hazten doa pixkanaka-pixkanaka. Azken 20 urteotan 200.000 hiztun inguru irabazi ditu euskarak. Alabaina, hizkuntzaren erabilera ez da hein berean areagotu; euskarazko hedabideen kontsumoari begiratu besterik ez dago. Alegia, kontsumitzaile potentzialen eta errealaren arteko desberdintasuna nabaria da. Egoera horretan ez da makala euskarazko hedabideek duten erronka.

Erabiltzaile berriak berenganatzeko ezinbestean hartu beharko dituzte kontuan produktua xede-talde bakoitzari era zuzen batean egokitu ahal izateko. Baina lehenetsi beharreko kontsumitzaile taldeak gazteena eta nerabeena izan behar du horiek baitira euskararen etorkizuna, inor izatekotan. Izan ere, 50 urtetik gorako jendearen kontsumo ohiturak aldatzea zaila izan daiteke eta ez oso emankorra.

Zenbaitetan euskarazko hedabideak ildo politiko zehatz batekin erlazionatu izan dira, ideologia zehatz batekin. Ahalegin handiak egin dira prentsa idatzia euskaraz emateko, baina ahalegin horrek ez du behar bezalako babesa jaso. Hori dela eta, beste aditu batzuek hedabide guztiak lehenetsi behar direla diote, euskara oraindik nahiko errotuta ez dagoelako ez euskarri idatzietan ezta ikus-entzunezkoetan.

Beste aditu batzuen ustez ordea, internetek eta telebistak izan behar dute lehentasuna, etorkizuna hedabide horietan dagoelako, gazteek nagusiki hedabide horiek erabiltzen baitituzte. Adibidez, sare-sozialen kasuan egoera ez da oso pozgarria. Burututako ikerketen arabera, esan daiteke sare –sozialetan gazteek euskararen erabilera urria egiten dutela. Badirudi egoera informaletan gehienbat gaztelera erabiltzen dutela. Hau da, ikertutako gazteek euskara ez dute informaltasunarekin erlazionatzen, euskara hizkuntza zurruna, moldaezina iruditzen zaie. Ikerketaren emaitzen arabera, euskara era gutxituan erabiltzen dute gazteek. Izan ere, elkar zoriontzeko, eskerrak emateko, maitasun kontuak adierazteko soilik erabiltzen dute euskara sare-sozialetan.

Aipatutako egoera aldatzeko eta erabiltzaile erreal zein potentzialak erakartzeko, interneten garrantziaz ohartu behar gara. Informazio orokor zein berezitua eskaini, aniztasuna behar dugu. Kolore askotariko informazio eta hedabideak. Estilo serio eta arinak konbinatu. Eta formatuaren aldetik, multiplataforma-estrategia bultzatu eta suspertu.

Eta azkenik, bukatzeko, uste dut euskara eta beronen erabilera informala bultzatu behar dugula. Hizkuntzak biziak dira, aldakorrak. Alegia, teknologia eta aro berrietara egokitzeko prestasuna eta gaitasuna erakutsi behar du euskarak.