Ttipi.net aldizkari digitalaren azterketa

Hedabide bat sortu eta martxan jartzerakoan erabiliko den hizkera kontutan izatea oso garrantzitsua da. Xede taldearen azterketa soziolinguistikoa egitea komeni da, publiko horri egokitutako produktu edo informazioa era egokiago batean eskaini ahal izateko.

IKUSPEGI SOZIOLINGUISTIKOA:

Ttipi-ttaparen xede-taldea kontutan izanik, esan dezakegu bilatutako erabiltzaile mota tokiko jendea dela, hau da, batez ere, Nafarroako mendialdeko eta Nafarroarekin muga duten Iparraldeko zenbait herritako biztanleak. Ttipi-Ttapa sei eskualdetara dago zuzenduta bereziki; Nafarroaren iparraldean Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Leitzaldea
eta Malerrekara eta Lapurdin Saraldera hain zuzen ere.

Batezbeste, eta eskualde osoa kontutan harturik, populazioaren gehiengoa euskalduna da zenbait datuen arabera. Hala ere, hedabideetako euskararen presentzia maila ez dator bat ezagutza-mailarekin, eta egoera hori eraldatzeko asmotan dihardu Ttipi-Ttapak.

Webgunean zehar euskarari buruzko gogoeta metalinguistikorik agerian ez bada ere, euskara baliabide natural bezala agertzen da, komunikatzeko erreminta gisa. Azken finean, euskara bera da gure hizkuntza normaltasunez erabili eta normaltasunerantz bultzatzeko tresna baliagarri eta eraginkorrena. Ikuspegi horretatik esan daiteke Ttipi-Ttapak euskara bera duela abiapuntu eta helburu.

Hizkuntzaren trataerari dagokionez, zonalde bakoitzaren arabera estilo egokitua erabiltzen ditu Tipi-Ttapak. Herrietako kroniken sailean, berezitasun horiek bildu egiten dira eta tokian tokiko hizkuntz formak erabili; hori bai, ortografiari dagokionez beti euskal gramatikaren araudiak betez. Webguneak eskaintzen duen eskualdeko informazioari esker, eskualde osoko herrien arteko harremanak trinkotu egin ditu nabarmenki. Herri guztiek euren “eskaparatea” aurkitu dute Ttipi-ttapa-n.

IKUSPEGI FUNTZIONALA:

Webguneko edukiei erreparatuz gero, gertuko informazioa da nagusi. Ttipi-ttaparen eredu komunikatiboa, informatiboa da. Komunikazio ereduaren kasuan, tokiko jendeari jakinarazi nahi die haien inguruan eta hurbileko ibarretan zer gertatzen den bai kultura, kirola, bestak, politika, eta euskara mailan. Tokian tokiko albiste eta gertakizunen berri ematen da nagusiki, albiste labur eta zehatzen bidez. Hori bai, bertakotasunaren ikuspegitik eginak beti.

Albiste bakoitzean, edukiak sare sozialen bitartez partekatu eta hartzailearen iritzia emateko aukera ematen da. Artikulu guztiak Facebook, Twitter, Yahoo, Menéame eta email bidez zabaldu ditzake erabiltzaileak. Hala ere, albisteetan bakoitzak bere iruzkinak egin ditzakeen arren, oso gutxi dira bere iritzia plazaratzen duten irakurleak.

Web orrialdearen interaktibotasunarekin jarraituz, badira irakurtzailearen eskutik erantzun maila handiagoa lortzen dutenak, besteak beste: urtebetetze egunak zoriondu eta argazkiak bidaltzeko txokoa, merkatu txikia izeneko atala bat (erabiltzaile bakoitzak bere iragarkiak jar ditzan) eta erabiltzaileek iritzia eta bertsoak plazaratzeko gunea.

ESTILOA:

Estilo aldetik, esan daiteke, zonalde bakoitzaren araberako estilo egokitua erabiltzen den arren, homogeneitatea gailentzen dela. Testuak, zehatzak eta laburrak dira. Informazioa modu argi eta zuzen batez helarazten dute.
Berriak eta informazioa eskaintzeko modua erakargarria da, tokian tokiko informazioa irakurri daiteke era erraz, labur eta zehatz batean.

TESTU DIMENTSIOA:

Webgunean zehar 4 testu mota bereizten dira, batetik, albisteak eta bestetik, atal ezberdinetan agertzen diren iritzia, elkarrizketa eta bertsoak. Formatu hauek guztiak osagarriak dira, informazioa era entretenigarri eta atsegin batez eskaintzeko.

Hipermedia eta hipertestuaren erabilerarik ez du egiten Ttipi-ttapak, hori litzateke hobetu beharreko ataletariko bat. Gaur egun, internetera egokitutako hedabide gehienek egiten ez duten arren, estekak erabiltzea oso aberasgarria da informazioa era osatuago batean eskaini ahal izateko. Baliabide horiek ez dira behar adina ustiatzen. Multimedia baliabideen erabilera oso eskasa egiten dute.

ONDORIOAK:

Nire ustez, Ttipi-ttaparen helburu nagusienetako bat, euskararen erabilera sustatu eta bultzatzea da. Euskalkiei interneten erabilera eta hedapen ofiziala ematea. Horretarako, esamoldeak, hitz-jokoak…modu egoki eta zuzenean erabiltzen ditu hedabide honek. Izan ere tokian tokiko euskalkiak erabiltzeak, herritartasun sentimendua areagotzea ahalbidetzen du. Eta ondorioz, Nafarroako euskaldunen komunitatea indartu

Multimedia eta hipertestualitateari dagokionez urrats asko emateko duten arren, orain arte egindakoa, lan egokitzat jo dezakegu. Oro har, webgune nahiko erakargarria dugu Ttipi-Ttaparena. Gertuko informazioa, gertuko irakurlearentzat. Informazio zuzena eta ulerterraza. Informazio interesgarri eta oso baliagarria inguruko biztanleentzat. Gainera, euskara hutsean ekoiztua. Informazio xamurra eskaintzen du era atsegin batez. Alegia, ez da eztabaidarako lekurik, baina erabiltzaileei interesa dakiekeen informazioa eskuragarri eta oso gertu dute.