miércoles, 28 de diciembre de 2011

Euskal armiarma trebeak sarean



Aurreko astean euskarak Interneten duen presentzia eta garrantziaz jarduteko Multimedia Komunikazio EHU-EITB Masterrak mahainguru oso interesgarria antolatu zuen. Euskarazko webguneen sorreran eta sustapenean aitzindariak diren adituak aritu ziren hizlari gisa. Euskarazko komunitate birtualez mintzatzeko 6 gonbidatu izan ziren, bata bestea zein baino trebeagoa: Luistxo Fernandez (Sustatu), Lander Arbelaitz (Argia), Hasier Etxeberria (ZuZeu), Idurre Eskisabel (Berria), Maite Goñi (Euskal Jakintza), eta Lontzo Sainz (Eitb).

Euskararen komunitate birtualaren inguruko mahai-ingurua oso aberasgarria suertatu zen bertara gerturatu ginen ikasle eta zenbait irakaslerentzat. Eztabaidan zehar iritzi ezberdinak entzuteko aukera izan genuen arren, orokorrean hizlarien artean joera edo korronte bat gailentzen zela nabari zitekeen. Alegia, Interneten, kalean zein beste toki askotan bezala, euskaraz jardun behar dugula gure nortasun digitala osatzen goazen heinean. Eta bestetik, diru laguntza publikoen beharra aldarrikatu zuten ahobetez aditu guztiek. Diru publikorik egon ezean, euskal komunitate birtualik ez dela existituko salatuz.

Euskaldunok interneten gauden heinean euskal komunitateak existitzen direla adierazi arren, Luistxo Fernandez-ek euskarak sarean merkatu komertzialik ez duela ere ziurtatu zuen. Bestalde Maite Goñik euskarazko komunitate birtualak euskaldunok hornitzeko gonbidapena luzatu zuen, erabiltzaile bakoitzak bere ekarpen txikiekin gauza handiak egin daitezkeela adieraziz. Euskaraz jarduten duen nabigatzaile bakoitzak ehuntzen du sarea, alegia, erabiltzaileongan dago ardura.

Argiako kazetariak ere, Lander Arbelaitzek, datu interesgarriak plazaratu zituen mahai-inguruan. Internet eta sare sozialei esker, euskarak gaur egun duen hizkuntza zaharkituaren zama kentzeko aukera ezin hobea duela. Izatez, harrigarria den arren, Wikipediako 6.000 hizkuntzen artean, euskara 43.postuan aurkitzen da. Hala ere, emaitza horiek eta edukiak hobetzeko asmoz, produktu erakargarriak eta kalitatezkoak ezinbestekoak dira. Arbelaitzen iritziz, militantzia alde batera utzi eta kalitatearen aldeko apustua egin beharko genuke.

Hizkuntza gutxituen kasuan, euskara eredu gisa hartuz, militantzia alde batera utzi behar ez dela uste dut. Mugak eta oztopoak etengabe jartzen dizkigutenean, militantzia beharrezkoa da, ezinbestekoa. Kalitatea eta militantzia eskuz-esku joan daitezkeelakoan nago. Sarean euskal komunitatea ehuntzeko gogoa eta borondatea badago, baina hizkuntza politika eraginkor baten beharra ere badugu.

Eta azkenik, laburbilduz, Lander Arbelaitzen adierazpen txukun honekin bukatu nahiko nuke:

Aritu, erabili eta soinua atera euskaraz!

No hay comentarios:

Publicar un comentario