sábado, 7 de enero de 2012

Euskara ere multimedia plazan

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza aztertuz gero, denetariko generoak aurki ditzakegu. Hedabide bakoitzak bere ekarpena egiten dio euskarari. Esparru ezberdinetan jokatuz, eremu bakoitzak eskatzen duen hizkuntza-ereduan.
Ikusmira zabalean, estaltzen duten esparru geografikoaren arabera, nolabaiteko segmentazioa nabari da euren artean, sorburu duten edota estali nahi duten esparru geografikoaren arabera. Esaterako, Berria Euskal Herri osorako egunkaria da, Hitza eta Noaua berriz, tokikoak dira. Ondorioz, bata bestearen lehiakide ez diren heinean, osagarri bihurtzen dira eta oso interesgarriak irakurlearen begietan.

Gizarte orotan bezala, gurean ere, bakoitzak bere zaletasun zein jakin-minak ditu. Horri erantzunez, beharrezkoak dira gai eta arlo ezberdinak jorratzen dituzten hedabideak. Hau da, zientziarekin zerikusia duten gaietan adituak, gazteei zuzendutako informazioa eskaintzen dutenak (Elhuyar, Gaztezulo eta abar)

Baina hedabide konbentzionalez gain, sarean badira ere lankidetza ereduetan oinarritzen direnak (Gaur8, Zuzeu, Kazeta.info). Alegia, barruko eta kanpoko egileek sortzen dituzte edukiak; antolaketa horizontala batez esan daiteke.

Hala ere, informazio mota, beronen egituraketa, antolaketa…kontuan hartu behar diren arren, xede taldea ere oso garrantzitsua da. Eta horretarako, xede-talde horren hizkera, euskalkiak, erabiltzea erreminta oso aberasgarria da irakurlearentzat, horrela jarduten dute, besteak beste, Goienak, Bizkaiek

Tokikotik eremu nazionaleko hedabideetara pasata, EITBk EH hartzen du xede-taldetzat, informazio orokorra eskainiz. Web gune homologatua eskaintzen du, hedabide nazional bat bezala. Bertokoek ez ezik, nazioartean Euskal Herriaren berri izateko erreminta oso interesgarritzat jo dezaketena.

Tokiko TVk eta Arrosak, ordea, osagarriak dira, bertan tokiko telebistak eta irratiak biltzen baitira. Osagarriak dira. Azken bi horiek elkar elikatzen dute, EITBk estaltzen ez dituen esparruei arreta eskainita.

Oro har, euskaraz aritzen diren hedabideen jarduna positibotzat eman dezakegu. Gizartearen esparru eta geruza ezberdinak kontuan hartzen dituzte, dena hobetu daitekeen arren. Hau da, teknologia berria hauen garaiotan, eguneraturik izan behar dute hedabideek, erabiltzaileen beharrera egokituz. Ildo horretan lan asko dago egiteke oraindik, baina orain arte emandako pausoak oso interesgarriak dira. Euskaraz kontsumitzen den heinean, erraztasunak eman behar zaizkio informazioaren erabiltzaileari.

Horrela bada, etorkizunari begira, euskal hedabideen mapa idealak informazio orokor zein espezializatua eta entretenimendua eskaini beharko lituzke. Elkarkidetza eta elkarlana funtsezkoak dira horretarako, beti ere eduki interesgarri eta kalitatezkoen ekoizpena bultzatuz. Esan bezala, ahalik eta kolore gehien behar ditu euskarak, bai edukien aldetik, bai ideologiaren aldetik, baita euskara-moldearen aldetik ere. Alabaina, tentuz eman behar dira urrats guztiak, helburuak eta baliabideak ongi doituz, eta ahaleginak ondo neurtuz. Erabiltzaile potentzialen taldea ez da handiegia, eta euskara ere ezin dugu ito igeri ezin duen ur handietan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario